Txingudiko Zerbitzuakek “Platinozko erratza” jaso du, laugarrenez, gaikako bilketaren arloan ezarritako politikengatik
Irun, 2024ko ekainaren 20a. Txingudiko Zerbitzuak beste behin saritu dute jasangarritasunaren alde ezarritako politikengatik. Hondakinak eta Ingurumena Kudeatzeko Elkarte Teknikoak (ATEGURUS), aurtengoan, Irungo eta Hondarribiko garbiguneen osagarri gisa diseinatutako puntu garbiak eraginkortasunez ezarri direla aitortu du. Puntu horiek bi hirien beharretara egokitu dira, eta edukiontzi bakarrean 10 hondakin ezberdin biltzea ahalbidetzen du, espazioa optimizatuz eta birziklatzea erraztuz.
Hondarribiko alkate Igor Enparanek eta Irungo zinegotzi Borja Olazabalek jaso zuten saria atzo, Mankomunitatearen izenean, Madrilgo IFEMA erakustazokan. Laugarren aldia da Txingudiko Zerbitzuakek sari ospetsu hori jasotzen duela, hondakinen kudeaketa hobetzeko eta ingurune garbiago eta jasangarriagoa sustatzeko duen konpromisoaren eta etengabeko ahaleginaren isla argia.
ATEGRUSek gure hiri eta industrietako hiri-hondakinen kudeaketa, garbiketa eta oro har hiri-garbiketa hobetzen duten ekimenen inplementazioan nabarmentzen diren erakundeak saritzen ditu eta aurtengoa hemeretzigarren edizioa izan da.
“Laugarren aldiz ‘Platinozko Erratza’ jasotzea ohore handia da eta jasangarritasunarekin dugun konpromisoa berresten du. Irun eta Hondarribiko Udalek Txingudiko Zerbitzuekin elkarlanean egindako ahaleginaren emaitza da saria; izan ere, etengabe ari gara lanean gure hiriak garbiago eta ingurumenarekiko errespetuzago izan daitezen”, adierazi du Igor Enparan Hondarribiko alkate eta Mankomunitateko lehendakariordeak. “Egunero-egunero gure kaleak garbitzen dituzten langileak zoriondu nahi nituzke. Bereziki erratz batekin lanean dabiltzan langileak, animalien kakak garbitzeaz edo galtzadarrietako zigarro-muturrak garbitzeko egiten duten saiakeragatik”, gaineratu du Enparanek. Borja Olazabal Irungo zinegotzi eta Mankomunitateko kideak ere erakundeak egindako lana azpimarratu du: “Sari hau laugarrenez lortzea hondakinen kudeaketaren arloan egiten ari garen lan onaren isla argia da. Gure helburua da gure herritarren beharrei erantzungo dieten irtenbide eraginkorrak garatzen jarraitzea, guztiontzako etorkizun berdeagoa ziurtatuz”.