Urtarrilak 26, Ingurumen Hezkuntzaren Mundu Eguna
Ingurumen Hezkuntzaren Mundu Eguna dela eta, Bidasoa eskualdean ingurumen sentsibilizazioarekin eta hezkuntzarekin dugun konpromisoa nabarmendu nahi dugu. 1999az geroztik, erakundeak ahalegin handiak egin ditu Ingurumen Hezkuntzan, jakitun izanda herritarren parte-hartzea oso garrantzitsua dela uraren kudeaketa integralean, energiaren sorkuntzan, bide-garbiketan nahiz hiri-hondakinen kudeaketan. Urteetan zehar, hainbat informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina egin ditugu Bidasoa Behereko bizi-kalitatea hobetzeko, eskura dauden baliabideak ezagutarazteko eta ahalik eta emaitza positiboenak lortzeko.
Ingurumen-erronkez kontziente den gizarte honetan, ingurumen-hezkuntza funtsezko zutabe da etorkizun jasangarria eraikitzeko. Haurtzarotik ohitura iraunkorrak eskuratzea funtsezkoa da ingurune arduratsuak sortzeko. Hori dela eta, eskualdeko ikastetxeei hezkuntza-tailerrak eskaintzeko ahaleginak indartu egin ditugu. Urte hauetan guztietan, milaka ikaslek hartu dute parte Txinzerren tailerretan, uraren erabilera kontzientea, hondakinen kudeaketa egokia eta kontsumo arduratsuaren garrantzia sustatuz.
Aurten, 4.500 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte aktiboki tailerretan, ingurunea babestearekin kontzientziatutako belaunaldi bat eratzen lagunduz. Gainera, konpostajeari buruzko ezagutzak transmititzeko helburua duen ZiSare – ZIKA orain- programaren bidez, hondakinen kudeaketan ikastetxeen parte-hartzea sustatzea lortu da. Guztira 635 ikaslek aritu dira ZiSare programan, eta tona bat biohondakin murriztea lortu da ikasturtean zehar, hau da, parte hartu duen ikasle bakoitzeko 1,58 kg materia organiko inguru.
Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako gerentearen arabera, “ingurumen-hezkuntza oinarria da adin goiztiarretik gizarte arduratsu bat sortzeko”, baina Txinzerren konpromisoa ikasgeletatik haratago doa; ekintza zehatzekin Irun eta Hondarribiko herritar guztiak heztea du helburu. Hala nola, bigarren eskuko objektuen Merka2dasoa merkatuekin edota Saneamenduaren Mundu Egunean Atalerrekara bisita gidatuekin, hondakinen kudeaketa egokiaren garrantzia azpimarratu nahi da.
BidaSOS2030 kanpainak garrantzi berezia hartu du aurtengoan. 2030erako % 70eko birziklatze-tasa lortzeko helburuarekin, bulego ibiltariak ezarri dira Irun eta Hondarribiko hainbat auzotan, herritarrei gaikako bilketari buruzko informazio zehatza helarazteko eta edukiontzi marroia irekitzeko txartelak, etxerako ontziak eta poltsa konpostagarriak emateko. Gainera, ingurumen-hezkuntzan trebatutako langileek inguruko etxe guztiak bisitatu dituzte, herritar guztiei informazioa emateko.
Nahiz eta bide onetik joan, nekaezin jarraituko dugu lanean Bidasoa eskualdean praktika jasangarriak sustatzeko.