Gure ura
Aiako Harrietako magaletatik datorren ura Lesakako Endarako urtegian biltzen da. Urtegi horrek Irungo eta Hondarribiko ur-hornidura bermatzen du. Handik, ura etengabe iristen da Elordiko Ur Edangarria Tratatzeko Estaziora (UETE). Bertan edangarri bihurtzeko tratamendua jasotzen du, eta ondoren Bidasoa eskualdera banatzen da.
Urtegiak 5 milioi metro kubiko ur biltegiratzeko gaitasuna du. Hala ere, kopuru hori ez da nahikoa urte osoko hornidura bermatzeko, urtean behar den uraren bi heren inguru baino ez baititu hartzen. Horregatik, urtegia gutxienez behin eta erdi bete behar da urteko ur-beharrak asetzeko.
Urtegira iristen den ura Aiako Harrietatik datozen ibai eta iturburuetatik dator. Gorago dagoen Domikoko urtegiak, berriz, Endarara iristen den ur-emaria erregulatzen du, eta aldi berean energia hidroelektrikoa sortzen du.
Inguruko arroetatik jasotzen den urak kalitate bikaina du: gatz mineral eta kare gutxi ditu, eta pH baxua du. Ezaugarri horiek guztiak uraren tratamendu-prozesuan doitzen dira, kontsumorako egokia izan dadin.
Hilero ur-laginak hartzen dira uraren kalitatea aztertzeko eta edangarri bihurtzeko behar diren tratamenduak egokitzeko.
Urtegiaren beste eginkizun garrantzitsuetako bat lehorte-egoeretan eta euri handien garaian uraren kudeaketa da. Lehorte-egoera urtegiaren maila %80tik behera jaisten denean ezartzen da, edo neguan %60tik behera dagoenean. Horrelako egoeretan, behar izanez gero, Jaizkibeleko magaletatik datorren larrialdiko hornidura erabil daiteke.
Aitzitik, euri ugari egiten duenean, ur-maila kontrolatzeko hustubideetako ateak irekitzen dira. Era berean, urtegiaren egonkortasuna eta ur-iragazketak etengabe gainbegiratzen dira.
Urtegitik igarotzen den ur guztia ez da, ordea, giza kontsumorako erabiltzen. Zati bat emari ekologikoa da, ibaiaren ibilguan etengabe mantentzen dena, ekosistemaren oreka eta ibaiaren egoera naturala zaintzeko.